XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Inungo amak mundura ez ekartzekoa.

Gaixo Ioli eta aita gaixoa! (Jeremias zaharraren pleiñuak).

Iruñen hospitaleko ezkaratzean, Ioli eta bere ama.

Senar-emazte gazte batzuk beren haurtxoarekin, saetsean; eta berrogei ta hamar bat urteko gizakia aurrez aurre.

Denak ixilik.

Ama gaztearen anjuak eta haurraren barretxoak beste bizi susmorik ez da han.

Gaxozain bat sartu da zuriz jantzirik.

Begirada baten ondotik, Ferminen etxekorik baden galdetu du.

Emakume biak elkarri begiratu eta zuti jarri dira.

- Bere emaztea al zara?
-Bai; eta hau alaba.

- Sendagileak zurekin mintzatu nahi du, esan dio amari.

Ioli-k burua apaldu eta txarrena somatu du: aita hila izango da; ama prestatzen dabiltz.

Zerbait gerta dakion bildur izan dira.

Gaxozaina eta biak atera ondorean Ioli berriz eseri da. Zuri dago.

Zergatik ez zioten berari ere zerbait esan behar!.

- Zer du zure aitak? galdetu dio haurtxoaren amak.

- Bihotza eri, erantzun du berak bururik jaso gabe.

Hortan moztu da solasaldia.